Aurtengo ekainak 28ko egitaraua

Aurtengoan ere, ekainak 28 gerturatzen dela ikusita Komite Arroxak Soraluzen hainbat ekimen antolatzea pentsatu du. Noski, pasa den urteko egitarau zabala berdintzea oso zaila zen, eta hori bagenekien hasieratik. Kolektibo oro pertsonaz osatzen da, eta iragan urtean geneuzkan denbora eta aukerak ez dira aurtengoak. Hala ere, nahiz eta egitaraua askoz xumeagoa izan, ez dugu nahi izan aukera eskapatzen utzi, aurtengoan eta gurean ere sexu askatasuna aldarrikatu eta homofobia, lesbofobia, transfobia eta bestelako fobia guztiek eragiten dutena salatzeko.

Aurtengoan azentua ikusgarritasunean, bisibilizazioan nahi genuen jarri. Gurea bezalako herrietan maritxu, bollera eta trans pertsonok izan dugun mugetako bat erreferentzia falta edo eskasia izan dira. Askotan gure sexu aukeretaz edo genero identitateetaz hitz egiten entzun izan ditugu asko eta asko, “alde” batzuk, “kontra” beste batzuk… Oro har, diskurtso ugari entzun izan ditugu. Batzuen partetik kondenazioarena, bekatuarena, gaixotasunarena edo zailtasunarena. Beste batzuen partetik tolerantziarena eta batzuetan, zorionez, errespetuarena ere. Baina askotan hitzak airean geratu zaizkigu, gure hitz propioak, gure esperientziak eta afektuak inon ez ditugulako islatuta ikusi.

Sexu eta genero identitatea eta gure aukerak errespetatuko dituen jendartea eraikitzeko beharrezkoa dugu aldez aurretik ikustaraztea, ikusgarri, ia-ia esan genezake ukigarri egitea. Erreferenteak biderkatu behar ditugu, eta gainera erreferente horiek halabeharrez anitzak eta dinamikoak beharko dute izan, gure esperientzia eta bizipenak ere halakoak direlako. Ez ditugu gure irudi lauak eta estereotipatuak jaso nahi, azken finean ez ditugulako gure sexu eta genero aukerak identitate hertsi bilakatu nahi.

Hari horretatik tiraka milaka ekimen eta eguneroko jarrera proposatu daitezke. Guk momentuz hurrengo urtean zehar garatuko dugun bat aurkeztuko dizuegu, iragan urteko egitarauan ere presentzia izan zuena. Irailetik hasita, eta hilean behin, Zinema Arroxa izeneko ekimena jarri nahi dugu martxan. Hilabetean behin, Gay, Lesbiana, Transexual edo Transgenero gaiekin zerikusia duten pelikulak eman nahi ditugu, eta haien aitzakia aprobetxatu eztabaidatu, solastu eta elkar topatzeko.

Azken urteotan gero eta gehiago dira gai hauen inguruan egiten ari diren filma eta dokumentalak. Gero eta gay, lesbiana eta trans gehiago animatzen dira zinemaren bitartez beraien errealitate, bizipen eta fikzio anitzak plazaratzen. Eta gero eta gehiago dira ere, gay edo lesbiana izan gabe haien istorioak kontatu nahi dituzten zuzendariak. Askotan, pelikula hauek komunitate baten nahi eta desioak islatzen dituzte, bereziki pantailetan existitzeko beharra, ikusgai izateko beharra, erreferentziak izateko beharra.

Era berean, topaleku txiki bat ere izan nahi du Zinema Arroxak, Soraluzen Gay, Lesbiana eta Trans-entzako erreferentzi lekurik ez izatean, zaila egiten da askotan gure artean topatzea. Gune txikiak lortu eta irabazi beharra dago oraindik ere, gune seguru eta irekiak. Horretarako da ere ekimen hau.

Zinema Arroxa ekainak 28an aurkeztuko dugu zineman. Baina hori baino lehenago, kontzentrazioa burutuko dugu plaza barrixan, 7:30ak aldian. Ondoren Gaztetxian pikoteo apur bat, tripak betetzeko. Zineman ekimenaren berri eman eta hasteko John Cameron Mitchell-ek zuzendu zuen Shortbus filma eskainiko dugu.

Hurrengo ostegunean, Shortbus

Jatorrizko hizkuntza: ingelesa Azpitituluak: gazteleraz Eguna: 2012ko ekainak 28 Ordua: gaueko 10ak Lekua: Zinema, Soraluze.

Sinopsia: New Yorkeko hainbat biztanle, beraien maitasun eta sexu kontuetan nahastuak dabiltzanak topo egiten dute klub edo txoko alternatibo batean, hain zuzen ere artea, musika, sexua eta politika nahasteagatik hiri osoan ezaguna dena.

Bertan sentimendu eta fereken eztanda sortuko da, beti bezala, balio-anitzekoa. Batzuetan alaia, besteetan tristea. Batzuentzat erraza, besteentzat zaila. Denentzat intentsitate bizikoa.

Bihar mahaingurua sexu askapen mugimenduari buruz.

Sexu askapenerako mugimenduen oraina eta etorkizunerako erronkak”

Ekainak 22 asteazkena, 19:30etan Gaztetxean

Partaideak:Bilgune feministako eta Gaztehgameko kideak

Zein da sexu askapen mugimenduaren egoera gaur egunean eta Euskal Herrian? Alegia, hainbat urteko lana eta gero, zeren inguruan artikulatzen da egun?

Sexu identitatea malguago bilakatzen ari direla diote batzuek. Era berean, sexu askapen mugimenduaren zati batek urte askotan bere aldarrikapenak eskubideen bidetik egin ditu: Sexu bereko pertsonen arteko ezkontza eskubidea, adopzio eskubidea… Honek egoera aldatzea ekarri badu ere, esan ahal dezakegu egoera hobetu bakarrik egin dela, ala nolabait beste hainbat aldarrikapenen desaktibazioa ekarri al du? Nola harremantzen da sexu askapen mugimendua beste mugimendu batzuekin, feministarekin adibidez?

Gai hauen inguruan aritzeko LGT askapen mugimenduko zein mugimendu feministako hainbat kide izango ditugu gurekin.

Hurrengo pelikula: Transamerica

Transamerica [Duncan Tucker-2005]

Eguna: Ekainak 14, asteartea, Arratsaldeko 19:30etan Gaztetxean

Hizkuntza: Ingelesa gaztelerazko azpitituluekin.

Transamerica Shot
Transamerica Shot

Bree (Felicity Huffman) transexuala da. Los Angeleseko gune pobretu batean bizi da, nahiz eta ez zaion formakuntza akademikorik falta. Bere bi lanetan irabazten duenarekin “azkenik emakume bihurutuko duen” sexu aldaketa operazioa ordaintzeko beste izatea du helburu.

Egun batean poliziak deitu eta Toby izeneko gazte baten aitaren bila dabiltzala esaten dio. Orduan jakingo du, iraganeko harreman heterosexual baten ondorioz seme bat jaiotzen lagundu zuela. Berak ez dio egoerari aurre egin nahi, baina bere sikiatrak behartu egiten du, operazioa egiteko beharrezkoa duen ziurtagiria emango ez diola esanez. Bree Nueva Yorkera joango da bere “semearen” bila eta Los Angeleserako bidean emozio eta ustekabez beteriko bidaiari ekingo diote.

 

Hurrengo filma: Los chicos están bien

Los chicos estan bien(Kids are all right) [Lisa Chodolenko – 2010] Ekainak 10, ostirala, gaueko 10etan.
Hizkuntza: Ingelesa gaztelerazko azpitituluekin

Kids are allright

Nic eta Jules emakume bikoteak bi seme-alaba dituzte: Joni eta Laser, “inseminación artificial” teknikaren bitartez izan dituztenak. Joni-k institutoa amaitu behar du laister eta bere adinean ohikoak diren gora-beheratan dabil: Juergak, alkohola eta onartua izateko gogoak. Baina ardura berezi bat ere badauka: Berak eta bere anaiak beraien aita biologikoa ezagutu nahi dute. Kasualitatez edo topatu eta nolabait beraien bizitzaren parte bilakatuko dute. Baina beraien bi amak ez daude horren pozik egoera berri horrekin, eta horrek tira-birak sortuko ditu.

Familia eredu ezberdinak horren ezberdinak ote direnentz hausnartzeko aukera ematen digu Lisa Chodolenko-ren filma berri honek.

Filmarekin batera El test de la vida real dokumentalaren bigarren zatia proiektatuko da.

El test de la vida real

El Test De La Vida Real [2009-Florencia P. Marano]

Zatika egindako dokumentala denez, jardunaldietako pelikula bakoitzaren aurretik zati bat eskainiko dugu.

El test de la vida real

Gizartea nolabait bitan banatzen duen arau bat baldin badago, gizon eta emakumeak ezberdintzen dituena da. Transgenerismo, transexualitate eta queer ikuspegiek arau hori kuestioan jartzen dute. Gizon eta emakume muturren artean hainbat eta hainbat ñabardura daude, zuri eta beltzaren artean dauden beste.

Generoak bi baino gehiago izan daitezkeela ulertzeko, bost pertsonaren egunerokotasuna ikusiko dugu bertatik bertara. Eta egunerokotasun hori ez da edozein emakumerena bezalakoa, ez eta gizon normal batena. Normalak ez direnen normaltasuna da.