Maiatzeko pelikula: Contracorriente

Maiatzeko filma “Contracorriente” izango dugu. Kritika eta publikoaren laudorio ugari jaso dituen filma, maitasun istorio xelebre zein gogorra kontatzen duena, zeinetan bizitza pertsonal eta sozialaren oso dimentsio ezberdinak biltzen diren. Besteak beste, Donostiko zine jaialdian saritu zuten 2009an.

Zita Maiatzak 19an, igandea, arratsaldeko 19:00tan, Soraluzeko Zinean.

Peru iparraldeko kostan bizi da Miguel, herri txiki txiki batean. Bertan arrantzalea da. Cabo Blancon (hala deitzen da herria) heriotzaren inguruko sinismenak dituzte, leku denetan bezala, eta baita bizitzari buruzkoak. Eta nola ez, maitasunari eta harremani buruzko sinismenak ere badituzte, leku denetan bezala. Eta sekretuak. Badira sekretuak ere.

Sekretu horiek badute zerikusirik Santiagorekin, herrian duela ez hainbeste bizi den artista eta argazkilariarekin. Santiago ez dute herrian Miguel bezainbeste maite, izan ere Santiagok era irekian dio ez dela fededuna eta ez du ezkutatzen ere bere gizonezkoekiko sexu-gogoa. Baina posizio denak hankaz gora jartzen dituzten gertakariak ere badira. Bueno, posizio den-denak ez…

Martxoko pelikula: “Como esquecer”

Zinema Arroxako Martxoko pelikula (Martxoak 17an, igandea) “Como esquecer” (Nola ahaztu) brasildarra izango da, Malu de Martino zuzendariarena. Hona hemen sinopsi laburra eta trailerra. Oharra: trailerrak azpitituluak ez izan arren egunean proiektatuko den pelikulak gaztelerazko azpitituluak izango ditu.

Sinopsi laburra:

Julia 35 urte dituen irakaslea da. Luzea izan da Antoniarekin izan duen harremana, eta hautsi denean, depresioak jota, bere bizitzaren zatitxoak elkarrekin batu asmoz dabil. Berak eta neskalagunak izandako hausturaren ostean erabat mingarria den prozesuari egiten dio aurre. Bere bizitza eta balioengan eragina izan du prozesu guzti honek, malenkoniak dena hartu duelarik eta bizitzari zentzua topatzeko modu bakarra oroitzapen zati baldarrak dira orain. Bere barneko zurrunbilo eta gatazkak ezinbestekoa den prozesu bati hasiera emango diote orain, ezinbestekoan bere bizitza bermodatzearena, bere emozioen narrazioa eraikitzea bere buruarentzat eta besteentzat.

Filma osoa malenkonia hortaz inguratuta egon arren abilezia handiz kontatzen ditu sexualitatea, emakumea izatea eta adinaren arteko bidegurutzean gertatu daitezkeenetako batzuk.

Otsailean Hedwig and the Angry Inch

Otsaileko filma bezala “Hedwig and the angry inch” pelikula aukeratu dugu. Aurreko emanaldiekin kontraste apur bat egin asmoz, musikal bat aukeratu dugu oraingoan. Ez edonolako musikala, baina tira.

Musikal honetan, James Cameron Mitchell-en lehen lana dena, era delirante eta dibertigarrian zein dramatikoan aztertzen dira sexu eta genero identitateen arteko gora-beherak, arreta berezia jarriz bidaia, trantsizio eta nomadismoari. Zuzendariak, “Shortbus” zuzendu aurretik, “Hedwig and the angry inch” musikala zuzendu zuen. Bertan Hedwig-en istorioa kontatzen da, ekialdeko Berlinen hazi eta mendebaldera maitasun debekatuaren atzetik salto egin zuen mutikoarena. Bere bidaia ez da, ordea, hor amaituko, Estatu Batuetan baizik. Baina batez ere, bere bidaia oso anitza izango dela esan dezakegu, genero identitateen eta sexuen arteko bidaia, sexu aukera ezberdinen artekoa, identitate kultural ezberdinen artekoa.

Tartean, bere etorkizuna eta bere karrera artistikoa salbatzen saiatuko da, izan ere Hedwig musikaria da, handienetan handienek inspiratutako musikaria: Lou Reed, Bowie, Patti Smith, Iggy Pop…

Trailerrak ez dituen arren, pelikulak azpitituluak izango ditu, noski.

 

Zinema Arroxa martxan da!

Pasa den urtean iragarri genuen “Zinema Arroxa” ekimena martxan da, eta hemendik kurtso amaierara hilean behin antolatzeko asmoa dugu. Lehen emanaldia hurrengo igandean, Azaroak 4an izango da, arratsaldeko 7retan, Soraluzeko zinean. LGT   zine-forum saioari hasiera emango dion lehen filma “The Celluloid closet” izango da, 1995ean Rob Epsetein eta Jeff Friedmanek zuzendua, hain zuzen ere Hollywood-eko zineman gay, lesbiana eta trans pertsonok izan dugun representazio eta irudikapenaz hausnartzen duena, dokumental formatuan, elkarrizketa eta filma ugariren zatiak tartekatuz. Hemen uzten dizkizuegu filma iragartzeko egin ditugun kartel eta eskuorria. Bertan ikusiko dugu elkar!

Zinema Arroxa Azaroa Eskuorria The Celluloid ClosetZinema Arroxa Azaroa Kartela The Celluloid Closet